KASen agiriak Euskal Herri Langilearen inguruan egiten duen zenbaketa (biztanleen %90 gutxi gora-behera) eta alienazioaren inguruan egiten duen azterketa zorrotza (testuan datu biribil eta esanguratsuekin osatzen eta zehazten dena, hain justu) balio handikoa da benetan, baina zuri (eta KASen agiria irakurtzen duen orori) harrigarrien eta ezustekoen gerta dakizukeena Euskal Herri Langilearen osaketaren azterketa izan daiteke. Agiriak dioenez, "langile-klaseak osatzen du euskal biztanleen zatirik handiena"; hori ez da ezer berria, nahiz eta burgesia, orain, gezurtatzen saiatu; horretarako, langile-klasearen definizio desitxuratuak darabiltza eta, horiek, KASek agirian erabiltzen duen definizio zorrotzarekin aldenduz gero, oso desberdinak dira. Haatik, berria eta askorentzat ustekabea izango dena, KASek dioena da euskal langile-klasearen bi frakziorik nagusienak zein diren aipatzen duenean. Horri dagozkion paragrafoak irakurriko dizkizut segidan. Honelaxe dio agiriak:
"Euskal langile-klasearen zatirik handiena 650.000 emakumeek osatzen dute; izan ere, emakume horiek, orotara, eguneko 9 ordu baino gehiagoko batez-bestekoari edo eguneko 4 ordu baino gehiagoko batez-besteko partzialari eusten diote eta, horrexegatik, lan sozialaren indarraren nahitaezko berrosaketa psikosomatikoa dohain sostengatzen dute. Datu faltagatik Nafarroa baztertuta, Baskongadetan Kapitalarentzat nahitaezko diren ordaindu gabeko lau milioi ordu/egun batu dira, jada. Lau milioi ordu/egun horiek, hain zuzen, industriara zuzendutako ordu/egunen kopurua hiru bider gainditzen dute. 4.000.000 ordu/egun horietako %92, gainera, emakumeek betetzen dute.
Oro har, ekonomia kapitalistak erabilitako zifren eta kalkulatzeko metodoaren arabera, "etxeko lan" moduan ezagutzen dena, ofizialki, Barne Produktu Gordinaren %20 eta %45 artean kokatuko litzateke. Gainera, ez dugu kontuan izan behar soilik etxeko lana, baita etxez kanpoko famili atentzioen multzoa, eta, honekin batera, esplotazio sexuekonomikoari inplizituki lotutako sexu-afektibo "zereginen" multzoa. "Zeregin" horiek beharrezkoak dira lan sozialaren indarraren batez-bestekoaren errendimendurako, eta horretarako, kontuan hartu behar dira emakumearen ohizko funtzio sexu-afektiboengatik eta horietan aurrezten diren kostu osoak.
Hemen ez gara ariko soldatapeko emakumearen lan-indarraren esplotazioaren egoera bereziari buruz dela "ezkutuko" lanean, lan ezegonkorrean, etxez etxekoan...eta dela ofizina, lantoki eta fabrikatan.Bereziki zigortutako frakzioa osatzen dute langile-klasearen barruan, betetzen dituzten lanpostuengatik eta sistematikoki debekatuta dituztenengatik; horri gehitu behar zaio emakumeen soldata txikiagoa (Baskongadetan, gizonezkoena baino %21,6 txikiagoa da), eta, nola ez, pairatu behar izaten duten jazarpen- eta sexu-eraso-egoera; eta laneko esplotazio "lagunen" zeharkako edo ageriko larderia ere hor dago; horrela, etekin matxista nabarmenak lortzen dituzte.
Bestalde, badago nagusien eta langileen artean solidaritate patriarkalista aktibo bat eta, honek, hain zuzen, emakume langilearen babesik ezari gogor eragiten dio alde guztietatik, lanetik botatzerakoan, batez ere. Sindikatu gehienek korporatibismo patriarkala defendatzen dute."
Egin iezadazu mesede bat. Hemen gelditu zinta, atzera jo eta entzun birritan irakurri berri dizkizudan KASeko agiriaren lau paragrafoak. Tentazioa daukat zuri esateko paragrafo horiek direla, zinta hauetan entzuten ari zaren guztietatik, munduarekiko zure ulerkuntza gehien alda dezaketenak, ulertzen eta zeureganatzen badituzu, behintzat. Arretaz entzun eta errepika ezazu nirekin batera KASeko paragrafo horien oinarrizko mezua.: "Etxekoandreek" osatzen dute euskal langile-klasearen zatirik handiena, kopuru aldetik frakziorik handiena. Gogoratzen al zara zenbatetan azpimarratu dizudan zinta hauetan kapitalismoak gizartea opako egiten duela? Gogoratzen al zara KASen agiritik irakurri dizkizudan zatiez, hau da, Euskal Herri Langilearen baitan diharduten alienazio kapitalista-mekanismoez? Bada, agian, "etxekoandreen" adibide honek beste inork ez bezala erakusten eta azaltzen ditu alienazio kapitalistaren ondorio bildurgarriak eta bere arrakasta gizarte kapitalista opako egitean. Proba ezazu. Esaiezu amari, aitari, bizilagunei eta lagunei oraintxe jabetu zarela "etxekoandreek" euskal langile-klasearen talderik handiena osatzen dutela. Eta egiaztatu ezazu zer-nolako harridura eta ezustekoa izango duten zuk esandakoa jasotakoan, alegia, etxeko lanetan diharduten emakumeak langileak direla eta, beraz, langile-klasearen partaide direla egiten dutena -etxeko lana- eta nola egiten duten kontuan izanik; halaber, lan emankorra egiten dutela,balio duena; eta, gainera, gehienezkoa dela gainbaliotik jasotzen duten desjabetzea, izan ere, Kapitalak ez die ezer ere ez ordaintzen, sortzen duten balio guztia desjabetu baizik.
Ohar zaitez: KASek EZIN ESKERTUZKO LAGUNTZA ESKAINI DIO EUSKAL HERRI LANGILEARI AGIRIKO PARAGRAFO HORIEI ESKER, Euskal Herri Langileari begietatik faltsifikazio idelogiko kapitalistaren armiarma-sare gezurtia kentzen lagunduko baitio, eta, era berean, "ETXEKO LANAK" definizioa , NANeko lanbide -laukitxora edo zentsu- edo errolda-orriko laukitxoetara zuzendua izan dena eta etxeko lanean diharduten emakumeentzat erabili dena, faltsifikazio izugarria dela erakusten lagunduko baitio. Kapitalarentzat horixe izango da errentagarriena, seguraski, burutzen dituen faltsifikazio kontaezinen artean. Ez diot txantxetan errentagarriena dela. Gogora ezazu KASen testuan esaten dena: orain ordaindu gabeko eta zenbatu gabeko etxeko lana zenbatuko balitz, Barne Produktu Gordinaren gaurko balioa -%20 eta %45 artean dagoena- igo egin beharko litzateke. %20 eta %45eko oszilazio hori erabilitako kalkulu-metodoaren araberakoa da.
Gogoan izan etxeko lanaren %92 emakumeek burutzen dutela, eta , hura dela lan-indarra egunero sortzeko beharrezkoa den mantenimendu-ihardueren multzoa; hemen sartzen dira, baita ere, ondasunen bilaketa-, bilketa- eta bilakaera-lana (janaria, adibidez) kontsumorako erabilerarako baloreetan. Funtsezkoa da zuk ulertzea, KASek azpimarratzen duen bezala, lan-indarraren ugalketaren lan hori NAHITAEZKOA DELA sistemaren funtzionamendurako, baina Kapitalak ez duela HARENGATIK EZERTXO ERE ORDAINTZEN (guztia lapurtzen du) eta, horrela, produkzio-kostu errealen ORDAINKETAREN MURRIZKETA ITZELA lortzen du; izan ere, sexismo espezifiko kapitalistaren esku-joku ideologikoen ondorioz bat-batean desagertarazia, hutsal bilakatzen du, agian, kostu hauen sortarik garrantzitsuena dena ( produzitutako gaurko balio osoaren %20 eta %45 artean).
KASek egin berri duena agiriko paragrafo horiekin -euskal indar politiko bakar batek ere ez zuen hori inoiz egin- milaka euskal emakumeren arazo nagusia agerian jartzea izan da, "etxeko zereginen" lan gogor, errepikakor eta beti amaitugabekoan ari diren emakumeen sufrimendua gure begien aurrean jartzea, alegia. Lan gogaikarri horretan emakumeek eraso kapitalistaren ondorio guztiak pairatzen dituzte: etxebizitzen desegokitasuna, merkatu eta zerbitzu sozialen gabezia, prezioen igoera basatiari aurre egiten dion diru-eskasiaren larritasuna... Horrek guztiak "ezertarako balio ez duen lana" izatearen frustrazio iraunkorra dakar, platerak, garbitu orduko, zikindu egiten baitira. Hori lana ez dela dioen sistema kapitalistaren tranpa ideologikoan muturrez aurrera erori dira euskal langile gizonezkoak. Ez dira ulertzera iritsi (hasi ere ez) emakumeek etxean egiten duten lana horixe dela, lana, hain zuzen; Kapitalistei dohain egiten dien lana, gainera: Berriro diotsut, kapitalistek esplotatu eta desjabetu egiten dute eta ez dute xentimorik ere ordaintzen harengatik. Eta, berriro diotsut, emakumeek etxean egiten duten lana, "etxeko zereginak", alegia, nahitaezkoa da kapitalistentzat, izan ere, eta hauxe nabarmendu nahi dut, lan hori beharrezkoa da fabrikatan eta lantokietan erabilitako lan-indarraren ugalketarako; bestalde, langileek fabrikan eta lantokian,kalean eta bulegoan egunero ahitutako indarrak berritu ditzaten eta hurrengo egunerako indarra izan dezaten berriro, nahitaezkoa da "norbait" egunean zehar gogor aritu izana merkatuan erosketak egiten, sukaldean jana prestatzen, etxean garbiketa egiten, zorua ere garbitzen, oheak egiten. Orobat, nahitaezkoa da norbaitek mahaia ipinita izatea eta ohea egina egotea langileak lanean ahitutako indarra berritu dezan; baita alua irekita izatea ere, lantokiko inpotentziazko haserre eta agresibitate eutsia kanporatzeko.
Eta, adinak eta esplotazioak bere lan-indarra ahitutakoan, hura ordezkatzeko lan-indarra duten beste langile batzuk egon daitezen, kapitalistek norbait behar dute LANGILE BERRIEN UMEAK erditu, mantendu, garbitu, jantzi eta zaintzeko. Norbait behar dute langileen ugalketaz arduratuko dena. Horrela, "etxeko zereginak" izenez ezagutzen duguna, kapitalisten zerbitzura dagoen lana da, eta, gainera, emaitza oso zehatza dauka: egunero ahituako lan-indarra ugaldu langileengan, eta langileak beraiek ugaldu ere bai, beren umeetan bikoiztuz.
Langileak kapitalistek erabiltzen dituzten makina-erreminta batzuk besterik ez diren heinean, "etxeko zereginak" makina-erreminta horien eguneroko higadura konpontzeko, eta, era berean, horiek ahitutakoan ordezkatuko dituzten makina-erremintak prestatzen joateko beharrezko lanak dira. "Etxeko zereginak"langileak suspertzeko eta langile berriak fabrikatzeko lan egiteko modua dira; orobat, lan-indarraren ugalketan ahitutako lan ere badira. Ugalketa hori gabe, sistema kapitalistak ez luke funtzionatuko. Utz iezadazu nabarmentzen (funtsezkoa baita zuk ulertzea) gertatzen dena hauxe dela: kapitalistek erabateko arrakasta lortu dute gezurrezko operazio itzel horrekin, funtsezko egintza hori disimulatzean datzan horrekin, hain zuzen. Langileei "etxeko zereginak" lan ez direla sinestaraztea lortu dute. Ondorioz, logikoa da kapitalistek lan horregatik ez ordaintzea. Gezurraren arrakasta osatu egiten da, izan ere, lan horretan diharduten emakumeek ez dute ulertzen egiten dutena eta, horrexegatik, onartu egiten dute NANen "lanbiderik gabe" edo "etxeko zereginak" ipintzen duen gezurra, benetan direna eta egiten dutena ipini beharrean, "lan-indarraren sortzaileak", alegia.
"Etxeko zereginak" esplotatutako eta zapaldutako klaseetako emakumeek sistema kapitalistarentzat egiten dituzten lanak dira. Hori frogatzeko, ikusi besterik ez dago klase dominatzaileko eta honen laguntza-klaseetako emakumeak direla soilik etxeko zereginak egiten EZ dituztenak. Etxeko zereginak ez dira berez emakumearen baitakoak, zapaldutako eta esplotatutako emakumearen baitakoak baizik. Gogora ezazu klase dominatzaileak eta honen laguntza-klaseek ez dutela horrelakorik egiten; askotan, gainera, zapaldutako eta esplotatutako gizonezkoak dira "emakumearen" zeregin horietan dihardutenak: mirabeak, lekaioak, sukaldariak, etab. etab.
Ohar zaitez kapitalistek marka zaila lortu dutela, Hego Euskal Herrian 650.000 emakume-esklaboez osatutako saldoa izatea, hain justu; haientzat dohainik egiten dute langileek ahitutako lan-indarren eguneroko ugalketa; bestalde, langile berriak etengabe fabrikatzen eta zaintzen dituzte kapitalistentzat, nahiz eta horregatik xentimorik ere ez kobratu.
Kapitalistek sortutako organizazio honen eraginkortasun hilgarria, dotorezia eta zorroztasun liluragarriak distira itsugarria daukate, pentsatzen baduzu 650.000 emakume-esklabo horiek zaintzeko zaindari eta kontzentrazio-eremuetarako diruaren premiarik ez dutela; izan ere, emakume-esklabo bakoitza zaindu behar duen pertsonaren zaintzapean eta kontrolpean dago. Honekin batera, azpimarratu beharra dago, emakume-esklaboek lan bortxatuzko bizitzatik ez dezaten alde egin eta ihes egin, ezkontzaren eta familiaren alanbreak direla kapitalistek haiei ipini behar izan dizkieten alanbre bakarrak; eta, alanbreak ipintzeaz arduratzen diren zaindari bakarrak apaiz eta gotzainak, spotak irudikatzen eta diseinatzen dituzten publizistak, eta irratsaioetan berriketan aritzen diren edo "emakumearentzako" idazten edo "etxeko" argazkiak ateratzen dituzten rebistetako kazetariak direla. Guztiak dira zitalak: euren lana kapitalisten emakume-esklaboak modu faltsuan pozik edukitzean edo, bestela, etsipenean murgilduta edukitzean datza.
Era berean, behi-taldeen eta artaldeen kopurua mantentzeko, behi eta ardiek txekor eta arkumeak ugaltzen jarrai dezaten kezkatzen diren bezalaxe, pairatzen ditugun espainiar kapitalistak eta horien lagunak diren euskaldun kapitalistak hamarkadetan kezkatu dira pilula debekatua izateko; behintzat, garestitu nahian aritu dira eta baita aurkitzeko zail egiten ere, eta, gainera, haren arriskugarritasunaren inguruan gezurra esaten aritu dira.Orain, berriz, UPNren Gobernuko fatxa barregarriak azaldu zaizkigu Nafarroan preserbatiboei buruzko informazioa zaildu nahian eta kastitatea bultzatu nahian HIESaren (SIDA) aurka neurriak hartzeko prebentzio gisa; eta, jakina, abortua iraindu, jarraitu , kondenatu eta zigortu egin dute. Eta, berandu eta gaizki, abortua Estatuan legalizatu denean, nahikoa ez diren legeria motz eta herrenaren aplikazio eraginkorra oztopatzeko mota guztietako azpijokoak -legalak, ilegalak eta alegalak- erabili dituzte eta darabiltzate, sistema kapitalistan emakumeak esklaboak direlako. Eta behia eta ardia beren gorputzen jabe ez diren bezala, txekorrak eta arkumeak hazteko haietaz baliatzen den jabearenak baizik, halaber, sistema kapitalista honetan emakumea ez da bere gorputzaren jabe, ezin du erabili nahi duen bezala eta nahi duenerako;Kapitalari dagokio gorputza eta bere egitekoa langile berriak sortzea, erditzea da. Hori gutxi balitz, debekatua daukate larrutan aritzea gozatzeko. Langile berriak fabrikatzeko soilik aritu daitezke larrua jotzen.
Jarraian gertaera esanguratsu batzuk begiztatu ditzazun nahi dut. GAIZKI DEITURIKO Nafarroa "guztiz katolikoan", sekta kutsua duen Opus Deik bere gotorlekua kokatua duen lurraldean, hain zuzen, euskal emakume nafartarrek Elizak eta Opusek zuzendutako Kapitala era masiboan desobeditu dute; gainera, Europako errekorra dute (arlo honetan munduko errekorraren baliokide dena) jaiotze-tasa baxuari dagokionez. 1988an 1,26koa zen Jaiotze Indize Sintetikoa, soilik, Alemaniako Errepublika Federalaren gainetik aurkituz (kontuan izan emakumeko 2,1 haur izatea beharrezkoa dela hildakoei jaiotakoak ordezkatuz biztanleriari eusteko). Aipatzekoa da, halaber, Nafarroan jaiotze-tasa izugarri jaitsi dela azken urteotan; honela, 1976an mila biztanleko 17,4 haur zegoen bitartean, 1987an 9,1era jaitsi zen kopurua. Argi dago lerrootan esandakoaren arabera, Kapitalak, zenbaitetan eta egoera batzuetan, ideologikoki bidalitako aginduak desobeditu eta ezeztatu ditzakeela masen praktikak.
KASen agiritik ere oraintxe aipatu dudan Fertilitatearen Indize Sintetikoa hartzen dut adibide gisa. Agiriak -gure oraina, gure etorkizuna denak- hori aipatzen du Euskal Herri Langilearen alienazioa areagotzeko Estatu Espainolaren eta hauen lagun PNVko euskaldunen manipulazio propagandistiko moduan. Hona hemen zer dioen agiriak:
" Harrezkero (Ajuria Eneko Itunaz geroztik) eta bereziki 80. hamarkadaren amaieran, Hegoaldea eraso antidemokratikoa eta manipulazio propagandistikoa eta gezurra alde guztietara iristen ari den inboluzio autoritarioa pairatzen ari da.
Honen adibideak baditugu, hauxe, adibidez: propaganda ofizialak behin eta berriro azpimarratzen du nafartarren eta bizkaitarren %80k jainkoagan sinesten duela, eta, hain zuzen ere, nafartarrek 1988an Europako bigarren Fertilitate Indize Sintetikorik baxuena izateari baino (emakumeko 1,26 haur) -espainolaren 1,43 baino askozaz baxuagoa- garrantzi handiagoa ematen dio hari. Azken adibide honek argi erakusten du emakume nafartar gehienek Elizaren mandamenduak desobeditzen dituztela eta, beraz, ez dituztela betetzen. Adierazi nahi du " pekatu" egiten dutela maiztasun harrigarriarekin mota guztietako antisorgailuak erabiltzen dituztelako. Nolanahi ere, Eliza sostengatzen duten prentsa eta botereak manipulatutako inkestetara jotzen dute, praktikan egunero ukatzen duten ustezko erlijiotasunaz hitz egiteko prestatuta daudenetara, hain zuzen.
Gaur egun, kontrako gizarte-balore eta horien arteko sekulako borroka ari da gertatzen Hegoaldean. Milaka euskaldunek egunero erabakitzen dute guztiz aurrez aurre dauden bi balore-eremu handiren artean: polizia salatu, ETAko militantea den emakumea salatu edo hau etxean ezkutatu. Alabari laguntza eta babesa eskaini haurdun ez geratzeko edo abortatzeko -hala baldin badago- edo etxetik botatzeko. lan-katea eta lan-erritmoari sabotajea egin eta bidezko erreklamazioekin nagusia gogaitarazi edo, bestela, esplotazio oro onartu. Txistu egin bandera espainolari eta txalo egin ikurriñari eta "bietan jarrai" lemari edo gustura sentitu "Espainian". Taberna abertzaleetara joan eta lazo urdin bildurgarria duten dendei boikota egin. Euskara ikasi ala gaztelaniaz mintzatu. Salatari bat salatu publikoki ala ixildu. " Adar-jartze" atakea izan ala neska- edo mutil-lagunaren askatasun pertsonala onartu.
Baloreen izugarrizko borroka hau eta, era berean, arauen, ereduen eta eguneroko proiektuen borroka hau intentsitate ikaragarriarekin ari da gauzatzen eta, oro har, egoera sozial bakoitzean eta guztiengan du ondorioa.
Kapitalismoaren fruiturik garratzenetako bat, sistema historiko gisa, seximoa dela ulertarazten ahaleginduko natzaizu berriro ere. Emakumeen aitak, senarrak, lagunak eta semeak dira, matxismo kapitalistak beraien buruak pozoindu eta kutsaturik, langile-buru eta kontrolatzaile gisa iharduten dutenak, beraien emazteek egindako lanaren truke gutxien-gutxienekoa ere ordaintzen ez den Kapitalaren jabeentzako gainbalioak sortzeko. Aita, senar eta seme horiek dira kapitalismoaren diskurtsoa errezitatuz, emakumeek etxean egiten duten lana ez dela lana diotenak, "etxekoandreak direla", ez dutela lanik egiten, "etxea eramatearekin" pozten direla, ez dutela gainbaliorik sortzen.
Kontuz! Ez zaitez nahastu. Ez uste izan ukatzen ari naizenik, nabaria den bezala, patriarkalismoa, familia hierarkikoa, zakilaren zentrismoa, egitura falokratikoa eta lana sexuen arabera banatzea kapitalismoaren asmakuntzak EZ direnik eta milaka eta milaka urtetik hona existitzen ez direnik. Horrez gain, adierazi dizudana argi dago lerrokaduraren estalkia urratzen jakinez gero, alegia, sexismoa kapitalismo historikoaren asmakuntza dela. Hain zuzen, sexismoa kapitalismoak sortu eta instituzionalizatu duelako emakumeek egindako lanari etengabe gero eta balio gutxiago eman diolako eta aldi berean gizonezko helduaren balioa etengabe nabarmendu duelako. Kapitalismoak egin du "famili burua" eta "etxekoandrearen" arteko bereizketa legala eta paralegala; kapitalismoak bihurtu du "natural" gizonezkoak lan egiteagatik alokairua kobratzea eta emakumeak lanik ez egiteagatik ez kobratzea. Kapitalismoa izan da sistema gisa sexismoa sortu duena.
Berak ahalbidetu, gainera, gaur egun euskal langilegoaren zatirik ugariena eta esplotatuena osatzen duten 650.000 emakumeek irain gehigarri hau pairatzea, hau da, gizonezko langileek ez jakitea edo ezin ezagutu ahal izatea Kapitalak esplotatutako langileak direla. Eta beraien etxeetan esplotazio horretako langile-buru zaintzaileen paper lotsagarria betetzen dute. Lotsagarria, paper hori betetzean arrak eguneroko bizitzan atseginerako bidea lortzen duelako, hala nola, konpentsazio, lasaitasun, translazio eta Kapitalak esplotatua izateak egunero sorturiko frustrazio eta porroten errua hirugarren pertsonei (emaztea, ama edo alabari) botatzea. Kapitalak, ondorioz, honako hau lortzen du: berak esplotatutakoak beren emazteak zamaketa eta hazkuntzarako animaliak bailiran esplotatzea eta objektu gisa erabiltzea, sexu-asetasun frustragarriak eta menperatu gisa dituzten frustrazioak konpentsatzeko menperakuntzako ilusio lekualdatuak erabiltzeko.
LORBIDEk itzulia euskarara
![]() |